Burdina Astintzen 2005 maiatzaren 21an gauzatu zen, izen handiko beste lau talderekin: Azken Garrasia, Darkness By Oath, Suffering Down eta The Howl.
...Gaueko bederatzi eta erdiak pasatxo ziren Burdina Astintzen jaialdiaren bigarren edizioko lehen taldea taulara igo zenean. Hala, THE HOWL bizkaitarrak arduratu ziren bigarren edizio honi hasiera ematen. Indartsu hasi ziren, kikildu barik Guardetxeko lehen buruak astinarazteko gertu. Gure belarrietaraino iritsi ziren doinuak komentatzen hasi ezkero, oro har, heavy metal doinuak nagusitu zirela esan daiteke. Eskola zaharreko metalaren zantzu askori eutsiz, The Howlen metalak, alabaina, elementu berritzaile ezberdinak ere biltzen ditu. Horrela, heavy metal modernotzat jo genezake bizkaitarren eskaintza; iragan hamarkadetako soinuaren lekukoari heltzeaz batera, bigarren milurteko testuingurura egokiro moldatzen den heavy metala dela gaineratu baitaiteke. Apustu musikal horren baitan, taldearen doinuak hain bereizgarri egiten dituen Miriam-en eztarria (tarteka Sinergy taldeko Kymberly Goss gogoratu dezakeena) nabarmendu beharko genukeelarik.
Boskoteak aurkeztu zuen sex-list- a “V2.0” izeneko estreinako maketaren lehenbiziko abestiarekin hasi zen. From Hell sutsuak ireki zuen kontzertua, alegia. (Alainen faltan, non geratu ziren Jurk-ek agindutako guturalak?) Jarraian, maketako fruitu ere diren Far Beyond Metal edo Unfair bezalako kantuak Dreamcrusher , Carpe Diem eta Redemption bezalako konposizioekin tartekatu zituzten.
Abesti propioez gain, The Howlek aipatu ez ditugun beste zenbait bertsiorekin ere gozarazi zigun. Lehenengoa Abba talde hilezkorraren Gimme, Gimme, Gimme izan zen; iraganean Yngwie Malmsteen -ek edo Sinergy taldeak egin zuten legez, The Howlek laukote suediarraren doinuak jantzi metaliko indartsuan aurkeztu zizkigun. Kontzertuaren azken minutuetan bestalde, mundu mailako beste bi pisu astunen moldaketak entzuteko aukera izan genuen: Deep Purple -en “Highway Star” eta Helloween -en “I Want Out”, hurrenez hurren. Ez da bertsio pare makala, alajaina!.
Taldekide guztiak gogotsu aritu ziren, zimurtu gabe, oholtzapean geundenoi emanaldi txukuna eskainiz. Nolanahi ere, azpimarratzekoa litzateke Miriam abeslariaren jardun kementsua. Izan ere, front-woman txikia hara eta hona aritu zen mugimendu etengabean, tarteka entzuleriarekin hizketan edota taulatik jaitsi eta publikoa xaxatu nahian. Orotara beraz, 45 minutu inguruko kontzertu bizia eskaini zuten, motorrak berotzen hasi eta burdinaren jaialdiak aurrera jarrai zezan gau giroa behar bezala astinduz.