| Herrikoburdina.net "Metraileta hotsa Soraluzen" | <Back |
Boskote gipuzkoarraren ondotik, 2004ko Emergenza jaialdi ezaguna irabazi zuen The Howl taldearen ordua iritsi zen. Musikari gazteak izan arren, lehenengo kantutik erantzun beroa jaso zuten jendartetik. Ez da batere harritzekoa, bost musikari bizkaitarrek aski ongi baitakite euren heavy metal klasiko eta bitxiarekin jendea mugiarazten. Bitxia, ez delako betidanik entzun izan dugun heavy metal musika. Melodia arraro eta ezberdinak heavy doinuen azkartasunarekin batuaz, emaitza originala eta ezberdina erdiesten dute. Gainera, esperimentazio berezi honi Miriam abeslariaren ahotsa gehitzen badiogu, are original eta erakargarriagoa bilakatzen da euren musika. Kantuei dagokienean, lehen maketako zortzi abestiak eta Helloween taldearen “I Want Out” kantuaren bertsioa jo zituzten. Bata bestearen atzetik, atsedenik hartu gabe. Kantu bat goraipatzeko orduan, XIV. Euskadi Gaztea maketa lehiaketaren finalerako sailkatu zen “From Hell” izenekoa genuke. Melodia ezberdin eta indartsuak, ahots bikain batekin lagunduta. Gauzak honela, etorkizunera zer esan emango duen taldea dugu The Howl. Gainera, Euskal Herriko eszena metalikoaren “frontwoman” onenetariko dutela gogoratu beharko litzake. |
|